Logopedia, fisioterapia pediatrikoa, haur eta gazteen psikologia, psikomotrizitatea... diziplina arteko zentroa gara.

Haur eta gazteen
erreabilitazio, garapen eta
terapia anitzeko zentroa

Logopedia

Logopediaren ikuspegitik, uste dugu gure lana funtsezkoa dela haurrei eta nerabeei hizkuntza- eta komunikazio-trebetasunak garatzen laguntzeko. Gure ikuspegia mintzameneko, lengoaiako, komunikazioko, ahotsaren arloko eta irensteko nahasmenduak ebaluatu, diagnostikatu eta tratatzean oinarritzen da. Ebaluazioen bidez, zailtasun-eremuak identifikatzen ditugu eta paziente bakoitzarentzako tratamendu-plan indibidualizatuak diseinatzen ditugu.

Gure lana haurrekin zuzenean lan egitea baino gehiago da; beren familiekin eta beste profesional batzuekin lankidetza estuan aritzen gara zentroan bertan edo zentrotik kanpo, etxean eta gizarte-inguruneetan haurraren aurrerapena lagunduko duten estrategiak eta jarraibideak emateko. Gure lanaren gakoa giro positiboa eta motibagarria sortzea da, haurrak eroso senti daitezen beren hizkuntza-trebetasunak aztertzeko eta hobetzeko. Aurrerapen bakoitza, txikia izanda ere, ospatu eta baloratu egiten da, lorpen bakoitzak haurraren garapen orokorrari laguntzen baitio.

Honako zailtasun eta/edo nahasmendu hauetaz arduratzen gara:


  • Mintzamena: komunikazio argiari eragiten dioten zailtasunak gainditzen laguntzen dugu, hala nola zenbait soinu ahoskatzea, artikulazio-arazoak eta totelka hitz egitea.
  • Ahotsa: haurren disfoniak, noduluak eta ahotsaren kalitatean eta funtzionamenduan eragina duten beste afekzio batzuk tratatzen ditugu.
  • Lengoaia: hizkuntza ulertzeko (harkorra), modu argian adierazteko (adierazkorra) eta hizkuntza eraginkortasunez erabiltzeko zailtasunekin lotutako nahasmenduak lantzen ditugu.
  • Entzumena: entzumenarekin lotutako zailtasunetan laguntzen dugu, hipoakusia, gorreria eta kokleako inplanteen erabilera bezalako arazoak barne.
  • Irakurketa-idazketa: irakurketa (dislexia) eta idazketako atzerapenak edo zailtasunak tratatzen ditugu, eta ikasteko eta komunikatzeko funtsezko trebetasunak garatzen laguntzen dugu.
  • Komunikazioa: komunikazio motak hobetzen lan egiten dugu, bai ahozkoa, idatzizkoa eta keinuen bidezkoa, bai sistema alternatibo eta handigarriak erabiltzen dituena.
  • Ahozko nahasmenduak: kainbat nahasmendu tratatzen ditugu, hala nola irensketa, aho-arnasketa, ahosabaiko pitzadura eta erbi-ezpaina, ahozko funtzio osasungarriak sustatzeko.

Fisioterapia pediatrikoa

Fisioterapia pediatrikoa fisioterapiaren diziplina bat da, eta honako hauek aholkatzeaz, tratatzeaz eta laguntzeaz arduratzen da: garapen motorrean atzerapen orokorra duten haurtxoak, haurrak eta nerabeak, mugimenduan desordenak dituztenak (sortzetikoak zein hartutakoak) edo horiek pairatzeko arriskua dutenak. Gure zentroan familiei harrera egin eta balioespen bat egiten dugu, ondoren familiekin batera lan egiten dugu tratamendu-xede batzuk lantzeko eta teknika eta estrategia terapeutiko ugari erabiltzen ditugu haurren gaitasunak ahalik eta gehien sustatzeko.

Erabiltzen ditugun estrategia terapeutikoetako batzuk honako hauek dira:

  • Haurren familiei laguntza eta aholkularitza ematea, inguruko beste espezialista batzuekin lankidetzan (pediatra, errehabilitazioko medikua, ortopedia, neurologoa...).
  • Jarrera- edo mugikortasun-arloko laguntza teknikoei buruzko aholkularitza eta orientazioa, eta objektuen egokitzapena.
  • Emaitzak aldizka gainbegiratzen dira, lortu nahi ziren helburuen arabera.
  • Garapena haurraren adinaren eta ezaugarrien arabera baloratzen dugu; mugarri motorrak ere (adibidez: iraulketak, katuka ibiltzea, esertzea...) hala baloratzen ditugu, estimulazioaren eta jolasaren bidez lor ditzan haurrak. Eskalak erabiltzen ditugu, eta estimulazio-jarraibideak eta -ariketak ematen ditugu, zuen txikien garapena etxean jarrai dezazuen.
  • Jolasa da tresna nagusia, haurren eta haien ingurunearen inplikazio handiagoa lortzeko.

Gaur egungo joera fisioterapeutaren ondorioz, haurren ingurune naturaletan gero eta gehiago esku hartzen da. Hori dela eta, Garat zentroak ildo horretan lan egiten du, haurren ingurune natural guztiekin elkarrekintzan jardunez eta estrategiak taxutuz.

Nori lagun diezaioke fisioterapia pediatrikoak?


Gaixotasun, afekzio edo zailtasunek eragindako garapen motorraren edo jarrerazkoaren alterazioak arintzeko, minimizatzeko eta prebenitzeko tratamendua eta jarraipena behar duten haurrei (0-18 urte), hala nola:

  • Haur prematuroei.
  • Haurren garun-paralisia dutenei.
  • Gaixotasun arraroak dituztenei.
  • Jatorri muskulu eskeletikoko gaitzak dituztenei, hala nola sortzetiko tortikolisa, plagiozefalia, eskoliosia edo bestelako jarrera-alterazioak.
  • Arnasketako gaitzak dituztenei.
  • Garapen motorraren, koordinazioaren eta orekaren nahasmenak dituztenei.
  • Haurren onkologiari.

Arnas-fisioterapia

Fisioterapiaren arloan, arnas-aparatuari eragiten dioten hainbat gaixotasunen tratamenduan oinarritutako espezialitatea da Arnas Fisioterapia; arlo honetan jariakinak drainatzen dira xedea lortzeko.

Hainbat teknikaren bidez, arnas-fisioterapiaren bidez arnasbideen buxadura murrizten da, hainbat afekziok eragindako gehiegizko mukositatearen ondorioz buxatuta egoten baitira, eta, horrela, biriketako aireztapena hobetzen da.

Arnas-fisioterapiak modu prebentiboan nahiz sendagarrian jarduten du, gaixotasuna larriagotzea saihesteko; era berean, tratamendu medikoaren osagarria da patologiek (noizbehinkakoek nahiz kronikoek) irauten duten bitartean.

Haurrek hotzeria, otitisa, eztarriko mina eta arnas-aparatuko gaixotasunak (bronkitisa, bronkiolitisa…) izateko joera handia dute, hazi ahala. Hori bereziki nabaritzen da eguraldia hozten denean eta haurra (edo senideak, baldin baditu) haurtzaindegira edo eskolara joaten hasten denean, birusak erraz transmititzen baitira.

Kasu horietan, arnas-fisioterapia funtsezkoa da jariakinak kentzeko eta bronkioetako buxadura saihesteko, metatutako mukositate guztia kentzen laguntzen baitu. Neurri handi batean, saihestu egin dezakegu sintomek okerrera egitea edo gaixotasun larriagoak eragitea.

Bestalde, prozesu birikoa hasita dagoenean (hotzeria baino gehiago bronkiolitisa, bronkitisa, pneumonia… denean), arnas-fisioterapiak zeregin garrantzitsua du, gaixotasunaren fase akutua gainditu ondoren tratamendu medikoa osatzeko.

Arnas-fisioterapiako saioetan:


  • Tratamendu-saioetan balorazioa eta miaketa egiten da, kasuaren helburuak eta beharrak identifikatu ahal izateko; ondoren, arnas-fisioterapiako eskuzko teknikak egiten dira, jariakinak mugiarazteko eta drainatzeko, eta eztula eragiteko, mukositateak gora egin dezan eta ahotik kanporatu dadin.
  • Lanabes osagarriak ere erabiliko dira, hala nola langarreztagailua, tratamenduaren beharrek hala eskatzen duten guztietan erabiltzen dena. Era berean, hainbat gailu ditugu sudur-garbiketak egiteko eta serum egokiak premia desberdinetarako. Pazienteak pultsioximetro batekin monitorizatzen dira saio osoan zehar.
  • Garrantzitsua da gogoratzea mukia ateratzeko prozesua desatsegina eta deserosoa dela haurrarentzat, baina ez da inolaz ere terapia mingarria edo oldarkorra.
  • Tratamendu-saioak amaitzeko, etxean arnasketa-osasun ona sustatzeko aholku eta praktikak ematen ditugu.

Haur-psikologia

Haur-psikologia Psikologiaren adar bat da; haurra aztertzea du xede eta ager daitezkeen arazo psikologikoak eta neurogarapenekoak ere tratatzen ditu. Garat zentroko zerbitzu psikologikoan maila kognitibo, emozional eta sozialen eta jarreren ebaluazioa egiten dugu eta tratamendu-plan pertsonalizatua ematen dugu. Plan horretan helburu terapeutikoak planteatzen dira, pazientearekin eta haren familiarekin esku-hartze klinikoa egiten da eta kasuaren bilakaeraren jarraipena egiten da.

Garat zentroan ikuspegi integratzailetik egiten dugu lan, ebidentzian oinarritutako teknikak erabiltzen ditugu saioetan, haurren beharretara eta ezaugarrietara egokituz.

Jolasean oinarritutako terapia ezinbestekoa da haurrekin egiten ditugun saioetan, haurren garapen globalean garrantzitsua dela baitakigu. Jolasak plazera eta motibazioa ematen ditu, eta horrek ikaskuntza-prozesuei laguntzen die. Gainera, jolasak haurrei gaitasun kognitiboa, soziala eta emozionala hobetzen laguntzen die, besteak beste.

Gurasoen parte-hartzea ezinbestekoa denez esku-hartzea eraginkorra izateko, saioetan beti hartzen dugu tarte bat informazioa trukatzeko. Profesionalak edo familiak uste badu aholkularitza-denbora gehiago behar dela, familientzako aholkularitza-zerbitzua ere badugu.

Garat zentroan honako alderdi hauek landu ditzakegu, beste batzuez gain:


  • Neurogarapenaren nahasmenduak (AEN, ADHN, adimen-desgaitasuna...).
  • Jokabide-arazoak (inpultsibitatea, oldarkortasuna, jokabide arriskutsuak...).
  • Arazo emozionalak (antsietatea, depresioa, beldurrak/fobiak, suminkortasuna...).
  • Arreta falta.
  • Ikasteko zailtasunak.
  • Gaitasun handiak.
  • Eskola-jazarpena.
  • Gizarte-trebetasunak.
  • Autoestimua.

Gazteen psikologia

Gazteen psikologia Psikologiaren adar bat da, nerabea aztertzen du eta ager daitezkeen arazo psikologikoak eta neurogarapenekoak ere tratatzen ditu. Garat zentroko zerbitzu psikologikoan maila kognitibo, emozional eta sozialen eta jarreren ebaluazioa egiten dugu eta tratamendu-plan pertsonalizatua ematen dugu. Plan horretan helburu terapeutikoak planteatzen dira, pazientearekin eta haren familiarekin esku-hartze klinikoa egiten da eta kasuaren bilakaeraren jarraipena egiten da.

Nerabezaroan, haurtzaroaren eta helduaroaren arteko trantsizioan aurkitzen dira pertsonak, eta hor hasten dira identitatea eratzen eta nortasuna sendotzen. Etapa honetan, aldaketa askori aurre egin behar zaie, eta horrek hainbat zailtasun dakartza. Ohikoa da maila fisikoan, sozialean, emozionalean eta neurologikoan gertatzen diren aldaketekin lotutako arazoak agertzea, baita horri buruzko galdera asko ere.

Garaten garrantzi handia ematen diogu gazteek hitz egin eta entzun ahal izateko giro seguru bat sortzeari, eta, horrez gain, gazteak epaitu gabe sentitzeari. Era berean, uste dugu garrantzitsua dela gazteek sentitzea beren intimitatea babestuta dagoen espazio batean daudela, konfiantzaz hitz egin dezaketela eta lotura terapeutiko handi eta lagungarria sor daitekeela. Terapia ikuspegi integratzailetik bideratzen dugu, eta, beraz, saioetan hainbat teknika erabiltzen ditugu; teknika horietan guztietan entzute aktiboaren garrantzia eta terapia kognitibo-konduktualaren oinarriak nabarmendu nahi ditugu.

Profesionalak edo familiak uste badu aholkularitza-denbora gehiago behar dela, familientzako aholkularitza-zerbitzua ere badugu.

Garat zentroan honako alderdi hauek landu ditzakegu, beste batzuez gain:


  • Neurogarapenaren nahasmenduak (AEN, ADHN, adimen-desgaitasuna...).
  • Jokabide-arazoak (inpultsibitatea, oldarkortasuna, jokabide arriskutsuak...).
  • Arazo emozionalak (antsietatea, depresioa, beldurrak/fobiak, suminkortasuna...).
  • Arreta falta.
  • Ikasteko zailtasunak.
  • Gaitasun handiak.
  • Eskola-jazarpena.
  • Gizarte-trebetasunak.
  • Autoestimua.
  • Gorputzaren irudiari lotutako arazoak.
  • Familiarekin, berdinekin... gatazkak.

Psikomotrizitatea

Ekintzatik, jolasetik eta mugimendutik pentsamenduaren sorkuntzara doan prozesua; hau da, prozesu horren bidez haurra mundu sinbolikoan sartzen da eta bere irudikapen mental kontziente eta inkontzienteak bere ekintza, sentsazio eta emozioetatik abiatuta garatzen ditu.

Horretarako, praktika psikomotorra espazioen eta denboren pedagogia batean oinarritzen da. Horri esker, haurrak “jolasteko eta mugitzeko plazeretik pentsatzeko plazerera” doan prozesua egin dezake esparru zehatz batean, hau da, psikomotrizitate-gelan. Espazio aberatsa, askotarikoa eta kolorez betea da, non heldu adeitsu batek haurren ekoizpenak, zailtasunak, beldurrak, aurkikuntzak, desirak, plazera eta emozioak hartzen eta biltzen dituen eta modu aktibo eta enpatikoan laguntzen dion heltze-prozesuan.

Horregatik guztiagatik, esan dezakegu praktika psikomotorrak pertsonaren garapen harmonikoa sustatzen duela, nortasunaren hazkuntza- eta garapen-prozesuak suspertzeko bitarteko pribilegiatua delako, haurtzaroan jatorrizkoena den horretatik abiatuta, hau da, jolas espontaneotik abiatuta.

Terapia Okupazionala

Terapia okupazionala diziplina soziosanitario bat da, bizitzako jarduerak egiteko dugun gaitasuna ebaluatzen duena eta edozein arrazoirengatik gaitasun hori arriskuan edo kaltetuta dagoenean esku hartzen duena. Terapia okupazionalak eguneroko zereginak egiteko eta ahalik eta autonomia eta integrazio handiena lortzeko beharrezkoak diren trebetasunak eta jarrerak ezagutzen laguntzen du.

Terapia okupazionalak errehabilitatu eta hobetu egiten du haurraren parte-hartzea eta ongizate emozionala eguneroko bizitzako jardueretan , hala nola jolasa, aisialdia, autozaintza-jarduerak (elikadura, jantziak, higiene pertsonala…).

Haurrak jolas-jardueretan, eguneroko errutinan eta ikastetxean parte hartzen duten bitartean hazten eta ikasten dute. Zailtasunak daudenean zentzumenen garapenean, motrizitate lodi edo finean, edo komunikatzeko eta elkarreragiteko gaitasunetan, mugatu egiten da jarduera horietan parte hartzea.

Lan-tresna jolasean parte-hartze aktiboa, miaketa, familiarekiko harreman afektiboak eta trebetasunak praktikatzea da, haurrak hobeto ezagutu dezan bere burua eta bere ingurunearekin modu eraginkorragoan elkarreragin dezan.

Nori zuzendua dago:

  • Ikasteko, jarrrera arazoak eta garatzeko zailtasunak, hala nola hiperaktibitatea, definitu gabeko lateraltasu
  • Prozesu sentsorialaren disfuntzioa.
  • Elikadura-arazoak.
  • Idazketa-arazoak.
  • Zailtasunak autonomia-jardueretan.

Garaten, zerbitzu honekin honako hauek eskain dizkizuegu:


  • Gaitasunak eta mugak baloratzea.
  • Eguneroko bizitzako oinarrizko jardueren eta jarduera instrumentalen entrenamendua eta berreziketa.
  • Elkarrizketak familiarekin.
  • Familiei, erabiltzaileei eta beste espezialitate batzuetako profesionalei aholkuak ematea.
  • Banakako tratamendu-plana.

Arreta goiztiarra

(0-6 urte)

0 eta 6 urte bitarteko haurrek garapenean dituzten edo izan ditzaketen beharrei eta/edo zailtasunei erantzun goiztiarra ematen diegu. Prebentzioz ere lan egiten da; izan ere, egon daitezkeen ageriko zailtasunez gain, prebentzioa ezaugarri garrantzitsua da arreta goiztiarrean.

Nori zuzenduta dago:

  • 0 eta 6 urte bitarteko haur guztiei, baldin eta garapenaren alterazioak badituzte edo izateko arriskua badute, jaiotzagatik edo ez.
  • Bizkaiko Foru Aldundiak itundutako programaren bidez artatuak izateko, ezinbestekoa da baloratuak izateko eskaera izapidetu izana eta balorazio taldeak ezarritako esku-hartze planarekin etortzea zentrora.
  • Hala ere, Garaten adin tarte horretako haurren garapenari buruzko aholkularitza edo balorazioa nahi duten familia guztiak artatzen ditugu.

Argi dugu garapenaren edozein zailtasun edo atzerapen lehenbailehen identifikatzea eta horri heltzea beharrezkoa dela. Diziplinartean egiten dugu lan, taldeko kide guztien artean lankidetza estuan, osoko arreta eskaintzeko. Garat Bizkaiko Foru Aldundiak itundutako eta egiaztatutako zentroa da, eta garapen-arlo guztietan esku hartzeko zerbitzua eskaintzen du.

Zer egiteko dute familiak eta haurrak arreta goiztiarrean?


Gurasoek eta familiek dute egiteko nagusia haurraren zaintzan eta garapenean, bereziki bizitzako lehenengo urteetan. Hori dela eta, Garat-etik sustatu egiten dugu familia protagonista izatea haurraren prozesuan.

Funtsezkoa da haurrak motibatuta egotea eta ahalik eta jarrerarik aktiboena izatea esku-hartzeko prozesuan. Horretarako, terapeuta taldearen tresna nagusia jolasa izango da eta haurraren interesak kontuan izango dira beti, motibatzeko errutinetan.

Ezinbestekoa izango da haurrarekin eta familiarekin komunikazio ona izatea, egoera ahalik eta ongien ulertzeko eta pediatriako fisioterapeutaren esku-hartzea eta helburuak haurraren behar eta motibazioetara egokitzeko.